XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NTXUTXUMA - Hori ere konpondua dut. Orain hiru hilabete soldado bat sartu zen gure artean, nire konpainian. Bada ezpadan, zure fotografia bat lortu nuen. Lehen esan dudan soldadoa, eztu inoiz inork ikusi. Ofizialki misio berezietan ibili da beti. Sarjentuaren gradoa du, eta nire lehengusua dela esaten da haren paperetan, Nkulanguek Bakale. Soldado hori zu zara. Haren uniformea automobilean dago. Joan zaitezi.

ALBINUS - Nire anaiek zurekin ihes egiten badute, eztadukat zer esanik. Baina hemen geratzea erabakitzen badute, haiekin geratuko naiz. Jainkoari eskeindu behar diot nire bizia.

NTXUTXUMA - Hemen geratzen baldin bazara, zure bizitza eztiozu eskeinduko, zure heriotza baizik.

ALBINUS - Eta nire buruaren gaineko prezioa? Nola konponduko dugu hori?

NTXUTXUMA - Kobratu eginen dugu. ALBINUS - Kobratu? NTXUTXUMA - Bai. Ongi pentsatu dut. Bart jente asko hil zen Ndongomanguilan. Eta ongi preparatu nuen gauza atzo. Zure adineko eta tamainiako gizon bat aurkitu nuen hilik karrikan, eta automobilean kargatu nuen. Gorputz hil horri zure arropak jantziko dizkiogu, eta gero esku-bonba bat lehertuko dugu haren aurpegiaren aurrean. Honela eztu inork ezagutuko, eta nire hitzari amore eta sineste emanen zaio. Diru hori kobratuko dugu. Eta honela etzaitue bilatuko.

ALBINUS - Eta ni, nun sartuko naiz?